Dabid reviewed Harry Potter eta sorgin-harria by J. K. Rowling
Denbora dezente eman nuen pentsatzen liburu hau irakurri beharko nukeen ala ez
5 stars
Denbora dezente eman nuen pentsatzen liburu hau irakurri beharko nukeen ala ez. Zalantza beti berdina zen, merezi al du gazte literatura gisa katalogatuta dagoen eta bere garaian fantasiazko generoa gustatzen ez zitzaidalako irakurri nahi izan ez nuen liburu/saga bat irakurtzea? Helduek goza dezakete Harry Potter? Helduek gazteentzako literaturaz goza dezakete?
Bada, lehenik eta behin, Ursula K. Le Guinek Terramarreko lehen liburuko gibel-solasean aipatzen du. Ez onerako, eta horrek ni motibatzen bukatu zuen. Bestalde, klasiko moderno bat da eta berau ezagutzea ondo dago, "potterismoa" inguratzen duen istorioa ezagutzea interesgarria delako.
Eta bai, heldu batek Harry Potterrez goza dezake, heldua ilea galtzen hasia bada ere. Gazteentzako literatura etiketa bat baino ez da eta liburu zoragarriak daude etiketa horren pean, baina... kasu zehatz honetan gauza batzuk ez dira oso ondo zahartu (adibidez, umorea oso bideratuta dago umeei barre eragiteko). Nolanahi ere, gustura irakurtzen da. Eta irakurketara lotzen zaitu.